7. ARTE GREZIARRA
Mendebaldeko zibilizazioaren sustraiak, neurri batean, Greziako kulturan daude. Hari zor dio filosofia eta antzerkia, historia eta elokuentzia, pentsaera politikoa eta humanismoa. Gainera, greziarrek gaur egun ere perfekzioaren eredu diren artezko printzipioak utzi zizkiguten.
7.1 ARKITEKTURA ERLIJIOSOA: Tenplua.
Greziarrek eraikinetan ez zuten ez arkurik ez gangarik egiten. Lekuak estaltzeko ateburura jo zuten. Horregatik esaten da greziar arkitektura dintelduna dela.
Euskarri bertikal baten gainean, gehienetan zutabea, elementu horizontala jartzen da, hau da, taulamendua. Bai elementu bertikalek bai horizontalek arkitektura ordenean araberako neurriak eta ezaugarriak izango dituzte.
Antzinako Greziaren historiako garaietan zehar, arkitektura bilakatuz joan da:
Garai arkaikoa. Garai horretan, doriar ordenak ezaugarri guztiak ditu, eta Grezia kontinetalean, Kretan eta Magna Grezian garatzen da. Joniar ordena, lerdenagoa eta arinagoa, Asia Txikiko irletan garatzen da.
Garai klasikoa. Garai horretan, eraikin asko eraikitzen dira eta korintoar ordena gehitzen da; horrela, eraikin handiagoak eta apaingarriz jositakoak eraikitzen dira.
Garai helenistikoa. Garai horretan, hiri ugari eratzen dira mazedoniar inperioaren hedapena dela eta. Korintoar ordenaren erabilera orokortu egiten da eta, horrela, une horretako era askotako dekorazioa nabarmentzen; eraikinen proportzioak eta eskalak puztu egiten dira. Horrela, eraikuntza ikusgarriak lortzen dituzte.
Eraikuntza greko nagusia tenplua da. Eraikinaren zeregin bakarra jainkoaren irudia gordetzea zen, ekitaldi erlijiosoak aurrean zeukan lautadan egiten ziren eta. Horregatik, neurriz askoz txikiagoak ziren egiptoarren tenpluak baino.
K.a. VI. mendetik aurrera, harriz eta marmolez egin zituzten tenpluak. Behin amaitutakoan, kolore biziz pintatzen zituzten. Laukizuzen itxura zeukaten eta estalkia, bi isurkikoa, zutabez inguratutako hormak eutsita zegoen. Barruan gelak zeuzkan. Nagusian, naos zeritzonean, tenpluaren izeneko jainko edo jainkosaren irudia zegoen. Aurreko gela pronaos deitzen zuten.
Tenpluaren neurriak zuzen-zuzenean lotuta zeuden zutabearen indar eta edertasunarekin. Hori dela eta, greziarrek arkitekturako formak batzeko hiru ordena edo estilo sailkatu zituzten: doriarra, joniarra eta korintiarra
7.2 ARKITEKTURA ZIBILA: TEATROA
Nahiz eta eraikin nagusia tenplua izan, greziar zibilizazioak izaera publikoko eraikin ugari eraiki zituen, esaterako: estadioak, hipodromoak, liburutegiak eta antzokiak.
Antzokian, hiru atal bereizten ziren: agertokia (eszena tokia), zirkulu erdi formako orkestra (hor jartzen zen korua) eta jendearentzat harmaila, hor ere zirkulu erdi formakoa; harmailak jartzeko, lur sailak zuen aldapa aprobetxatzen zuten.
Antzezpenak goizean hasten ziren. Lau edo bost lan antzezten zituzten, bata bestearen atzean, tartean dantzak eta pieza lirikoak zirela. Aktoreak gizonezkoak ziren, baita emakumezkoen papera egiten zutenak ere, eta maskara jarrita ibiltzen ziren, horrela pertsonaien poz edo tristura adierazpenak nabarmenduz.
7.3 GREZIAR ESKULTURA
Greziar artearen adierazpenik gorena eskultura izan zen. Greziar eskulturak hasierako garaietatik (garai arkaikotik) garai heleniarraren amaiera bitartean bilakaera tekniko handia izan zuen.
Garai arkaikoan, eskulturak zurrunak eta estatikoak ziren; aurrera begira irudikatzen ziren, eta ez ziren batere naturalak. Gizonezko pertsonaiak (kuros) eta emakumezkoak (korés) artez, zurrun, agertzen ziren, besoak gorputzari lotuta eta ibiltzeko itxuran.
Garai klasikoan eskultoreak gizakiaren edertasunaren eredua lortzen saiatu ziren. Edertasun ideal hori edertasun kanonen bidez irudikatzen zen eskulturan; gorputza osatzen duten atal guztien artean proportzioak eta harmoniak egon behar zuen.. Kanon horiek aldatu egiten ziren eskultorearen arabera. Gainera, eskulturek naturaltasun eta sosegu handiagoa zuten. Garai horretan lortu zuen gailurra eskulturak, gizakia perfekzio handiz irudikatzen zuten. Garai horretakoak ziren eskultore handi asko, hala nola:
Fidias, Atenasko Partenoia dekoratu zuena; Miron, ahalegin fisikoa betean ari zen pertsonarengan giza gorputzaren perfekzioa islatzea lortu zuena; Polikleto, horrek ezarri zuen giza gorputzaren altuerak zazpi burukoa izan behar zuela; eta Praxiteles, Atenasen gehien estimatutako eskultorea haren obrek zuten fintasunagatik.
Garai helenistikoan ere erabili ziren aurreko garaiko edertasun kanonak, baina galdu egin ziren proportzioa eta sosegua. Errealismoa asko areagotu zen, eta, ondorioz, giza irudia inperfekzio guztiekin irudikatzen zen, idealizatu gabe.
Blog honetan argitaratutako baliabideak soilik helburu didaktikoak betetzeko dira. Oro har, Gizarte Zientzien Arloari buruzko dokumentazioa agertuko da bertan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dauden ikasleentzat zuzendutako gaiak dira, hain zuzen ere. Duranako Ikasbidea Ikastolako ikasleria laguntzea da asmo nagusia. Erabiliko diren apunteak, dokumentuak, irudiak eta beste materiala digitala helburu hori betetzen saiatzeko erabiliko dira, hau da, helburu didaktikorako. Eskerrik asko!
IKUSI ETA IKASI... EUSKARAZ!
GIZARTE ZIENTZIAK, GEOGRAFIA ETA HISTORIA.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina