GREZIAR POLISAK
Egipto eta Mesopotamia ez bezala, greziar zibilizazioa haran eta irla ugarik zatitutako esparru geografikoan garatu zen; horrek elkarrekiko aurkariak ziren polis edo hiri-estatu independente ugariren sorrera eragin zuen. Berrehunetik gora egon ziren, bakoitzak bere gobernu mota, erakunde, lege, diru, armada,... zituela. Ekonomian ere bakoitza bere kabuz hornitzen zen. Polis bakoitzak hiria eta bere kontrolpeko inguru geografiko zeukan, hau da, herrixkak, baserriak, laborantza lurrak, baso eta larreak.
Polisen arteko istilu eta gerra ugariak izan arren, polis horiek greziarrak kontsideratzen ziren (oinarrian berdinak ziren) erlijioari, hizkuntzari eta kulturari esker.
Aldeak alde, lurralde guztiok Helas deritzona osatu zuten. Herritarrek heleniar izena hartu zuten eta kultura komunekoak zirela uste zuten, lurraldeotako herritar guztiek hizkuntza bakarra erabili eta jainko-jainkosa berberak gurtzen zituztelako.
Polisetako gobernu forma bilakatuz joan zen hasierako garaietako monarkiatik (botere guztia errege bakarraren esku) gobernu aristokratikoetara (boterea biztanle gutxi batzuen esku, aberatsenen esku, hain zuzen). Zenbait polisek (Esparta, adibidez) betidanik sistema politiko aristokratikoa izan zuen; baina beste zenbaitek (Atenas, adibidez) sistema demokratiko (sistema honetan hiritarrek hartzen dituzte erabakiak eta aukeratzen agintariak) bateranzko bilakaera izan zuten.
1.1. ESPARTA
Esparta polis gerlaria eta aristokratikoa zen, Peloponeso penintsulan kokatuta zegoen (Lakonia). Garai arkaikoan Mesenia konkistatu zuen; horri esker, nekazaritzako eta abeltzaintzarako behar adina lur lortu zuten, kolonizazioetan parte hartu beharrik gabe.
Espartako gizartea hiru taldetan banatzen zen:
- Espartarrak edo espartarren semeak: lur sail eta eskubide guztien jabe ziren, eta soilik politikan hartzen zuten parte edo armada osatzen zuten.
- Periekoak: eskulangile edo merkatari askeak ziren. Zergak ordaintzen zizkieten espartarrei.
- Ilotak: Meseniako biztanle zaharren ondorengoak ziren, eta hauen egoera esklaboenarekin pareka zitekeen; nekazaritzan eta abeltzaintzan egiten zuten lan.
Esparta poliseko gobernu sistema oligarkia zen. Boterea gutxi batzuen esku zegoen, eta gehienetan beren interesen onerako jarduten zuten.
Erakunde politikoak ziren:
- Borrokalarien Batzarra edo Apella: adinez nagusi (30 urtetik gorako aita espartarren seme guztiak) ziren espartarrek osatzen zuten. Kontseiluak sortutako legeak bozkatzen zuten.
- Zaharren Kontseilua edo Gerusia: 60 urtetik gorako 28 espartarrek osatzen zuten.
- Bost Eforo edo magistratu: honako hauek ziren benetako boterea zutenak: errege, armada eta hezkuntzaren kontrola egiteko arduradunak.
1.2. ATENAS
Atenas Atikako gune politikoa zen, eta bertako ekonomia itsasoko merkataritzan oinarritzen zen. Hasieran garrantzi gutxikoa izan arren, gero, K.a. V eta IV. mendetik aurrera (demokrazia ezarri zen garaian) polisik garrantzitsuena izan zen.
Atenasko gizartea honako hiru talde hauetan banatuta zegoen:
- Hiritarrak: aita-ama atenastarrak zituzten 20 urtetik gorako semeak. Aberastasunaren arabera pribilegio eta eskubide politikodunak
- Metekoak: Atenasen bizi ziren emigratzaileak ziren: atzerritarrak; batez ere merkataritza eta eskulangintza zituzten ogibide. Gizon libreak eskubide politiko mugatuekin. Zerga pertsonalak ordaindu eta ondasun higikorrik ezin eduki.
- Esklaboak: Eskubiderik gabeak. Tresnatzat hartuak. Etxeko lanak egiten zituzten, baina zenbaitek ofizioren bat ere bazuen eta armadan hartzen zuen parte. Talde hori zen ugariena.
Atenas poliseko gobernu sistema desberdinak izan zituen demokrazia ezarri arte.
Oligarkiatik tiraniara (horretan, boterea pertsona gutxi batzuen esku dago; pertsona horiek modu absolutuan eta despota moduan aginduko dute) pasa zen, Periklesekin demokrazia sortu arte.
Atenasko demokraziako erakunde nagusiak honako hauek ziren:
- Batzarra edo Ekklesia (Asanblada) politika arloko erakunde gorena zen. Bakarrik hiritarrak parte har zezaketen (gizonezko helduak). Botoa eman eta Batzarreko ordezkari hautatua izateko aukera zuten. Ezin zuten parte hartu emakumeek, metekoek eta esklaboek. Batzarrean, legeak onartzen ziren, eta kanpo politikari buruzko erabakiak hartzen ziren. Batzarrak hilean gutxienez lau aldiz egiten ziren eta lan egiteko modua sinplea zen: parte hartzaile guztiek zeukaten tribunara igo eta eguneko gaien gainean iritzia emateko eskubidea; behin eztabaida amaituta, gaion inguruan bozketa egiten zuten eskua altxatuz eta batzarreko buruak emaitza aldarrikatzen zuen.
- Magistratuak: Batzarrak erabakitakoa bete, armada zuzendu eta abar egiten zuten.
- Arkontegia: urtebeterako 9 arkonte. Auzitegien buru egiten zuten, eta gai erlijiosoak eta finantzak zuzentzen zituzten.
- Estrategak. Armada zuzentzen zuten hautatutako jeneralak.
- Bule edo 500en Kontseilua: zozketa bidez aukeratutako 30 urtetik gorako hiritarrek osatzen zuten; erakunde horrek polisa administratzen zuen, arkonteak aholkatzen zituen eta legeak eta Batzarreko bilerak prestatzen zituen.
- Epaileak: zotz eginda aukeratzen ziren urtebeterako; delituak epaitzen zituzten legearen arabera. Herriko tribunal handia Helieoa zen.
Atenasko demokrazian dago botere banaketaren jatorria: botere legegilea Batzarraren esku zegoen; botere exekutiboa, arkonte eta estrategen esku; eta botere judiziala, epaileen esku.
Blog honetan argitaratutako baliabideak soilik helburu didaktikoak betetzeko dira. Oro har, Gizarte Zientzien Arloari buruzko dokumentazioa agertuko da bertan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dauden ikasleentzat zuzendutako gaiak dira, hain zuzen ere. Duranako Ikasbidea Ikastolako ikasleria laguntzea da asmo nagusia. Erabiliko diren apunteak, dokumentuak, irudiak eta beste materiala digitala helburu hori betetzen saiatzeko erabiliko dira, hau da, helburu didaktikorako. Eskerrik asko!
IKUSI ETA IKASI... EUSKARAZ!
GIZARTE ZIENTZIAK, GEOGRAFIA ETA HISTORIA.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina