5. ANTZINAKO GREZIARREN HISTORIA
5.1. GARAI ARKAIKOA
Garai Arkaikoak K.a. VIII. mendetik K.a. VI. Mendera bitartean iraun zuen. K.a. VIII. mendeko greziarrak akeoen eta dorioen ondorengoak ziren, eta nekazaritza eta abeltzaintza zituzten ogibide nagusi. Polisa batasun politiko independente gisa sendotu zen, eta gobernu sistema bezala, oligarkia edo gutxi batzuen gobernua.
Garai horretan hasi zen greziar kolonizazioa. Kolonizazio horren ondorio nagusiak:
• Merkataritza bultzatu eta merkataritzari esker aberastutako gizarte talde berrien sorrera, esaterako, itsasontzietako armadoreak, merkatariak eta eskulangileak. Gizarte talde berri horiek beren polisetan parte-hartze politikoa eskatzen hasi ziren; ordura arte aristokraziari soilik zuzenduta zegoen parte hartzea, hain zuzen.
• Txanponaren sorrera; horri esker, trukeak eta merkataritza jarduera erraztu ziren.
• Gizarte gatazkak ugaritzea, batik bat, nekazarien eta merkatarien artean; batzuk zein besteak talde boteretsuen aurka. Gatazka horien ondorioz, sistema politiko aristokratikoa ahuldu egin zen. Egoera horren aurrean, gobernu autoritarioak, tiraniak, eratu ziren; horietan, pertsona bakar batek poliseko boterea indarrez eskuratzen zuen.
• Tirano askok merkataria, nekazaria eta eskulangilea babesten zituzten aristokraten aurrean; ondorioz, aristokratek pixkanaka-pixkanaka boterea galdu zuten. Hiritar askeak zer-nolako garrantzia eta indarra zuten konturatu ziren heinean, herriaren boterea sendotuz joan zen, eta gobernu forma barri bat sortu zen: demokrazia, hain zuzen.
5.2. GARAI KLASIKOA
Garai klasikoa K.a. VI mendetik K.a. V. Mendera bitarteko garaiari deitzen zaio. Gari horretan sendotu zen demokraziaren sistema politikoa. Bestetik, polisek gailurra garai horretan izan zuten, bereziki, Atenasek. Baina nahiz eta garai oparoa izan, Grezia bi gerra garrantzitsutan eta luzetan murgildu zen.
a) PERSIARREN AURKAKO GERRA (MEDIAR GERRAK)
Inperio persiarrak, Dario erregearen gidaritzapean, Asia Txikiko polisak hartu zituen menpean hasiera batean eta, ondoren, Grezia kontinentala eraso zuen. Polisek elkarren arteko ikusiezinak ahaztu eta elkartu egin ziren etsaiaren aurka. Bi alderdien arteko norgehiagoka areagotu egin zen, eta zenbait enfrentamendu izan ziren. Horietako enfrentamendu batzuetan, greziarrak izan ziren garaile, adibidez, Maratongo batailan K.a. 490. urtean; beste batzuetan, berriz, pertsiarrak, adibidez, Termopiletako haizpitartean K.a. 480. urtean.
Salaminako batailarekin (K.a. 480. urtean), armada persiarra sustsituta geratu zen, eta Greziarrak garaile izan ziren hogei urtetan zehar gerran aritu ondoren.
Behin gerra amaitu zenean eta bere nagusigoak irauten zuela, Atenasek polisen batasuna ezarri zuen Delosko Liga deiturikoan. Gertaera horren aurrean, Korintok eta Espartak beren aldetik Peloponesoko Liga sortu zuten.
b) PELOPONESOKO GERRAK
Delosko Ligaren eta Peloponesoko Ligaren sorrerak greziar polisak zatitu egin zituen, eta bi bando sortu ziren; bando batek Atenas zuen buru, eta besteak, Esparta. Gerra Korintoren eta Atenasen artean arrazoi politikoek eta ekonomikoek eragindako enfrentamenduen ondorioa izan zen. Gerrek 27 urte iraun zuten, k.a. 431. urtetik 404. urtera bitartean, eta Esparta eta haren aliatuak izan ziren garaile.
Gerra horien ondoren greziar lurraldea erabat suntsituta geratu zen; ahultasun politikoak, krisi ekonomikoak eta barruko liskarrek, azkenean greziar polisen gainbehera eragin zuen, hain zuzen
ere.
5.3. GARAI HELENIARRA.
5.3.1 INPERIO MAZEDONIARRA
Grezia iparraldean, lurralde mazedoniarra zegoen, nekazariak eta artzainak bizi ziren lurraldea, eta, K.a. V. IV mendean, erresuma indartsua eratu zuten.
Filipo II.a errege mazedoniarrak polisen ahulezia aprobetxatuz Grezia konkistatu zuen Keroneako batailaren ondoren, K.a. 338. urtean. Zailtasun bereziak izan zituen Atenas menpean hartzeko; ez, ordea, armada indartsu batek defendatzen zuelako, baizik eta Demostenesek, Filiporen nagusitasunaren aurrean, tinko eusteko animatzen zituelako. Hitzaldi horiek “filipikoak” izenez ezagutzen dira.
Behin Grezia menpean hartuta, filipo erregearen hurrengo helburua Ekialdeko lurraldea menpean zuen pertsiar inperioari aurre egitea izan zen, baina ezin izan zuen bere helburua lortu, K.a. 336. urtean hil egin baitzen.
Bere seme Alexandrok jarraitu zion; orduan hogei urte zituen. Alexandro “Handia”k heziketa zaindua izan zuen; izan ere, Filipo bere aitak Aristoteles filosofoaren esku utzi zuen semearen heziketa.
Alexandro Handiak bere aitak gauzatu ezin zuen asmoa gauzatu zuen: persiar inperioa konkistatzea. Bere armadarekin ekin zion Ekialdeko lurraldeak konkistatzeari; armada hori ez zuen jende askok osatzen, baina soldadu horiek oso ondo trebatuta zeuden gerrarako taktika berrietan (Mazedoniako falangeak).
Hamaika urteren buruan, 30.000 kilometro inguru egin eta honako lurraldeak konkistatu zituen: Asia Txikia, Egipto, Mesopotamia, Asiria, Israel eta Persia, eta Indus ibaiaren ibarrera ere iritsi zen. Nilo ibaiaren bokalean, Egipton, Alexandria hiria fundatu zuen, eta faraoia bailitzan jainkotu zuten.
Konkistatutako lurralde guztietan, inperio handiak eraiki zituen, baina ezin izan zuen denbora luzez gobernatu, K.a. 323. urtean hil baitzen Babilonia hirian 32 urte baino ez zituela.
5.3.2. KULTURA HELENIARRA
Alexandro Handia hil zenean, eta haren oinordeko naturala, semea, erail zutenean, jeneralak borrokan aritu ziren inperioa eskuratu nahian. Azkenean, inperioa erresuma handietan zatituta geratu zen; “erresuma heleniarrak” deituak:
- Greziako eta Mazedoniako zibilizazioak Antipatroren esku geratu ziren.
- Egipto Ptolomeoren esku geratu zen.
- Trazia Lisimakoren esku geratu zen; gainera, Asia Txikia kendu zion Antigonoren semeari.
- Asia Seleukoren esku geratu zen.
Alexandrok egin zuen gauzarik garrantzitsuena kultura grekoa beste zibilizazio zaharretako lurraldeetara hedatzea izan zen, lurralde zabalak konkistatzea baino are garrantzitsuagoa. Arte, jainko-jainkosa, heroi, literatura eta ohitura grekoa inperio osoan ezagutu zituzten.
Kultura greko zabal horrek eta Egipto, Mesopotamia eta Persiako kulturen balioek osatzen dute helenismoa.
Erresuma heleniarretako gobernu forma monarkia absolutua zen. Erresuma horiek, antzinako ekialdeko inperioetan ohikoa zen moduan, gortesau ugariz eta luxuzko jauregiz inguratuta zeuden.
Bestalde, hizkuntza, edertasunagatiko lilura, literatura eta pentsaera grekoa, besteak beste, erresuma heleniar guztietan ezagutu eta aintzat hartu ziren. Erromatarrek balio horiek eta kultura grekoa bere osotasunean bereganatu zituzten, eta gaur egun mendebaldeko kultura izenez ezagutzen dugunaren oinarri dira.
Blog honetan argitaratutako baliabideak soilik helburu didaktikoak betetzeko dira. Oro har, Gizarte Zientzien Arloari buruzko dokumentazioa agertuko da bertan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dauden ikasleentzat zuzendutako gaiak dira, hain zuzen ere. Duranako Ikasbidea Ikastolako ikasleria laguntzea da asmo nagusia. Erabiliko diren apunteak, dokumentuak, irudiak eta beste materiala digitala helburu hori betetzen saiatzeko erabiliko dira, hau da, helburu didaktikorako. Eskerrik asko!
IKUSI ETA IKASI... EUSKARAZ!
GIZARTE ZIENTZIAK, GEOGRAFIA ETA HISTORIA.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina