Antzin Egiptoko Gizartea (lehenengo zibilizazio guztien bezala) oso hierarkizatuta zegoen, hau da, mailakatuta. Irakur itzazu ondoko apunteak gehiago jakiteko:
EGIPTOKO GIZARTEA
Egiptoko gizartea guztiz hierarkizatua zegoen; hau da, biztanleen kategoriaren arabera antolatzen zen, eta kategoria horien artean desberdintasun handiak zeuden.
Buruan erregea edo faraoia zegoen, Ra edo jainko nagusiaren semetzat hartzen zuten. Botere politiko eta erlijioso gorena zuen. Erabateko botere eskumena zuen: justiziaz arduratzen zen, eta administrazioko kargu gorenak izendatzen zituen (ministroak, probintzietako gobernariak, armada-buruak eta apaiz buruak). Estatu guztiaren jabe ere bazen, ekonomia antolatzailea eta epaile gorena. Faraoia jauregian luxuz beterik bizi zen zerbitzariez inguratuta.
Beraz, faraoia botere handiko erregea zen eta jainkotzat hartzen zuten. Herriari agindu, armada gidatu, laborantza lur eskergak antolatu eta zerga bilketa kontrolatzen zituen funtzionario (eskribak) askoren bitartez.
Gobernu sistema egiptoarra monarkia absolutua zen, eta oinordetzan hartzen zen.
Goiko maila nobleek eta apaizek osatzen zuten. Lehenengoek lur sail handiak zeuzkaten eta administrazioko goi karguak betetzen zituzten: lehen ministro, probintzietako gobernadore, jauregiko maiordomo, eta abar. Honako hauek: bisirra: lehen ministroa zen; armada-buruak; goi mailako apaizak; probintzietako gobernadoreak; eta administrazioko arduradunak (goi funtzionarioak edo eskribak).
Apaizek jainkoen kultuari eutsi eta tenpluak zaintzen zituzten, baina haiek ere laborantza sail ederrak zeuzkaten eta zergak hartzen zituzten.
Erdiko maila merkatari aberastuek eta eskribek osatzen zuten. Azken hauek irakaskuntza intelektuala hartzen zuten eta horregatik administrazioan hainbat kargu betetzen zituzten. Maila baxuagoko funtzionarioak ere baziren; esaterako erdi mailako agintari militarrak, apaiz gehienak, artistak eta eskribak. Azken horien ardurak ziren: tokiko administrazio lanak, zergak jaso eta erresumako kontabilitatea egin; bestalde, oso ondo idazten zuten, geografia eta historia zekiten, eta tenpluetan eskola espezializatuetan ikasten zuten.
Biztanleriaren gehiengoa: artisauak, merkatariak, jauregi eta tenplu handiak edota lan publikoak egiten zituzten eskulangileak eta nekazariak.
Artisauek, oso maila espezializatua izan zuten, faraoiarentzat, apaizentzat eta goi mailako karguentzat egiten zuten lan. Tailerretan antolatzen ziren, eta jauregietan, tenpluetan eta goi mailako funtzionarioen etxeetan egiten zuten lan.
Gizarteko beheko mailan nekazariak zeuden. Nekazaritza zen ekonomia egiptoarren oinarria, baina nekazarien bizi baldintzak gogorrak ziren. Faraoiaren, nobleen eta apaizen lurrak lantzen zituztelako, eta uztaren zati handi bat Estatuari eman behar zioten. Gainera, nekazariek ere zergak ordaindu behar zituzten. Piramide handiak eta beste eraikin edo monumentu erraldoiak eraikitzen ere lagundu behar zuten eta armadan parte hartzen zuten.
Azkenik behe-beheko mailan zeuden esklaboak (jabe baten mende dagoen pertsona, eta harengan jabetza eskubidea du, gauzengan bezalaxe). Gehienetan gerra presoak ziren. Hauek jabea zuten eta beti haren kontrolpean egon behar ziren eskubiderik gabe. Egipton ez ziren asko izan. Etxeko lanetan, meategietan eta harrobietan egiten zuten lan.
Blog honetan argitaratutako baliabideak soilik helburu didaktikoak betetzeko dira. Oro har, Gizarte Zientzien Arloari buruzko dokumentazioa agertuko da bertan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dauden ikasleentzat zuzendutako gaiak dira, hain zuzen ere. Duranako Ikasbidea Ikastolako ikasleria laguntzea da asmo nagusia. Erabiliko diren apunteak, dokumentuak, irudiak eta beste materiala digitala helburu hori betetzen saiatzeko erabiliko dira, hau da, helburu didaktikorako. Eskerrik asko!
IKUSI ETA IKASI... EUSKARAZ!
GIZARTE ZIENTZIAK, GEOGRAFIA ETA HISTORIA.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina