IKUSI ETA IKASI... EUSKARAZ!

GIZARTE ZIENTZIAK, GEOGRAFIA ETA HISTORIA.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

2010/10/18

ANTZIN EGIPTOKO ERLIJIOA. APAIZAK

EGIPTOKO ERLIJIOA
Antzinako herri gehienek bezala, egiptoarrek, hasieran, gertakari eta fenomeno naturalak jainkotzen zituzten. Gerora, jainko horiek gizaki edo animalia formak eman zituzten, eta gehienean, erdi gizaki eta erdi animalia irudikatzen ziren. Erlijio egiptoarra politeista zen, hau da, jainko eta jainkosa asko zeudela sinesten zuten eta tenpluetan gurtzen zituzten errito eta otoitz korapilatsuen bitartez. Hasieran, hiri bakoitzak bere jainko nagusia zeukan baina, erreinua batzean, tradizioak nahasi egin ziren.
Jainko nagusiak Ra, Anubis, Osiris, Isis, Hathor eta Horus ziren. Egiptoarrek, gainera, Nilo ibaia eta animalia batzuk gurtzen zituzten, katuak, behiak eta krokodiloak adibidez.

Antzinako Egiptoko bizitzaren alderdi guztiek jainkozko arrazoia zuten eta jainkoak protagonistak zirela uste zuten.

Osiris-en mitoa, horren adibidea da. Mito horren bitartez azaltzen da zergatik Nilo ibaiak gainezka egiten duen, eta ur-goraldiak izaten dituen:
Seth-ek, basamortuaren jainkoak, Osiris anaia hil zuen (emankortasunaren eta landarediaren jainkoa) eta, haren gorpua zazpi zatitan txikitu ondoren, lurrean barreiatu zuen. Hori Nilo ibaiak ur gutxi dueneko garaia da, hau da, lurra ereiteko garaia. Gero, Isis-ek, Osirisen arrebak eta emazteak (haurren eta familiaren jainkosa), jainkoaren gorpua bilatu, berriz osatu eta ondoren, berpiztu egiten du (horregatik da Osiris, baita ere, berpizkundearen jainkoa eta hildakoen epailea). Hori Nilo ibaiaren ur-goraldiaren unea da eta lursaila emankor bihurtzen duen uholdea.

Egiptoarrek sendo sinesten zuten hilezkortasunean (heriotzaren osteko bizitzan). Uste zuten bigarren bizitza lurreko bizimoduaren oso antzekoa zela, eta horregatik, pertsonen hil osteko bizitza posible izateko, arimak (“ba” izenekoa) derrigorrean gorputzean (“ka” esaten zitzaiona) hartu behar zuen babesa, beraz, behar-beharrezkoa zen gorpua ez usteltzea. Horregatik, gorpua momifikatu eta sarkofagoan gordetzen zuten. Momifikazio prozesuak honako hauetan zetzan: gorpuaren erraiak atera, “natron” izeneko gatzetan egun batzuetan sartu ondo lehortzeko hezetasuna galduz, gorpua olioekin eta ukenduekin busti, eta berriz ere baltsamoekin bete, gorpua ondo kontserbatzeko. Momifikatzeko eta baltsamatzeko modu desberdinak zeuden eta hildakoaren maila sozialaren araberakoa izaten zen.
Bigarren bizitzan, gorputza kontserbatzeaz gain, lurreko bizitzan izan zituen erosotasunez, objektu eta jabetzaz inguratzen ziren egiptoarrak. Egiptoar xumeenak, nekazariak esaterako, objektu gutxiagorekin lurperatzen ziren, lurreko bizitzan jabetza gutxiago baitzituzten, eta ehorzketak ere xumeagoak ziren. Bestalde, agintari aberatsen ehorzketak luxu handiagokoak izaten ziren, eta, barrualdean, hildakoaren bizimodua, aberastasunak, esklaboak eta abar irudikatzen ziren, eskultoreen eta margolarien lanen bidez.


Nortzuk ziren eta nola bizi ziren apaizak Antzin Egipton. begira ezazu ondoko bideoa gehiago jakiteko:

ANTZIN EGIPTOKO APAIZAK

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina