IKUSI ETA IKASI... EUSKARAZ!

GIZARTE ZIENTZIAK, GEOGRAFIA ETA HISTORIA.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

2011/02/28

ANTZIN ERROMAKO GIZARTEA. APUNTEAK

Antzin Erromako Gizarte eta erlijioari buruzko apunteak ondoan dituzu:

ERROMAKO GIZARTEA
Erromako gizartean, aberastasunak eta eskubideak kontuan hartuta, gizarte taldeak oso ongi bereiz daitezke.

GIZARTE TALDEAK
Erromako gizartean barnean, bi gizrte talde haeuk zeuden: pertsona libreak eta esklabuak.

a) Pertsona libreak
Pertsona libreen baitan, beste bi gizarte talde hauek zeuden: patrizioak eta plebeioak.

- Patrizioek oso talde txikia eta pribilegiatua osatzen zuten. Erromako lehenengo biztanleen oinordekotzat hartzen ziren, eta hasiera batean (K.a. V. Mendera arte), kargu politikoan egon zitezkeen bakarrak ziren. Horren ondorioz, hiriko botere politikoa eta militarra haien esku zegoen. Aldi berean, beste gizrte taldeek baino aberastasun gehiago zituzten; izan ere, Erromak konkistatutako lurrak beraien artean banatzen zituzten.
- Plebeioek ez zuten pribilegio txikienik ere. Jatorriz edo jaiotzaz bereizten dira patrizioengandik. Menpean hartutako herrietako eta Erromara emigratutako pertsonen oinordeko ziren. Plebeioek ezin zuten erabaki politikoetan parte hartu; hori dela eta, Errepublikaren hasieratik, patrizioen aurka jarri ziren berdintasun politikoa lortu nahi zutelako. Liskar horien eraginez, magistratura berri bat (plebearen tribunoa) sortu zen, eta hain zuzen, magistratura horretan, plebeioek soilik har zezaketen parte. Harrezkero, plebeioak magistratura guztietara joan zitezkeen. Patrizioen eta plebeioen arteko berdintasuna lortu zela adierazteko, K. A. 451. urtean, Hamabi Taulen legea aldarrikatu zen. Lege horren arabera, guztientzat lege bakarra ezarri zen, eta patrizioak eta plebeioak elkarrekin ezkontzea ere onartu zen. Hala ere, plebeioen taldearen baitan, izugarrizko aldeak zeuden aberastasunari dagokionez.
- Atzerritarrak pertsona libreak ziren, baina ez zuten erromatar herritartasun eskubiderik.

b) Esklaboak
Esklaboe4k oso talde handia osatu arren, ez zuten inolako eskubiderik. Esklabo bihurtzeko arrazoiak hauek ziren: zorrak ez ordaintzea, gerrako preso hartzea edo esklaboen seme (alaba) izatea. Esklaboak enkante publikoetan erosten ziren eta haien jabeek /erosleek) erabateko boterea zuten esklaboengan. Jabeen nekazaritza lurretan, etxeko lanetan edo eskulangintza lantegietan egiten zuten lan. Askatasuna lortu ahal izateko, askatasuna erosi egin behar zuten (esklaboek beraiek ordainduta) edo, bestela, jabeek eman behar zieten askatasuna. Modu horretan, liberto izatera igarotzen ziren. Esklaboak miseria gorrian bizi ziren, eta ez zuten eskubiderik, hori dela eta, zenbaitetan, matxinadak gertatzen ziren. Espartakoren matxinada izan zen entzutetsuena, K. A. 73. urtean, hain zuzen ere.

Esklabo tratulariak: Esklabo tratulariek publikoki nahiz dendetan aritzen ziren esklaboekin salerosketan. Esklaboek zenbat balio zuten, adinaren eta esklaboaren gaitasunaren arabera ezartzen zen. Esklabo bakoitzak lepotik zintzilikatuta zeramatzan jatorria eta gaitasunak. Zenbat eta adimen handiagoa izan eta lan jakin batzuk betetzeko trebetasun hobea izan, orduan eta diru kopuru gehiago ordaindu behar zen. Prezioa ez zen haren indar fisikoaren araberakoa. Esklaboek bizitza guztirako zintzilikatuta zeramaten brontzezko plaka batean hauxe irakur zitekeen: “Ihes egiten badut, atxilotu eta eraman nazazue neure jabearengana”.

ERROMATAR HERRITARTASUNA

Erromatar herritartasuna oso garrantzitsua zen erromatarren artean. Erroman ez zen gauza bera Inperio erromatarreko herritar izatea, eta, erromatar herritartasuna edukitzea. Oso lagun gutxik zuten erromatar herritartasuna, baina pixkanaka-pixkanaka kopurua handitu egin zen. Lehenik eta behin, Italiar penintsularen erdialdeko eskualdeko biztanle guztiei eman zitzaien eskubide hori. Geroago, Italia guztiko herritarrei, eta azkenik, K. o. 212. urtean, Karakalaren Ediktuari esker, Inperioko biztanle guztiei eman zitzaien herritartasuna.
Erromatar herritartasunaren bidez, eskubide zibilak eta politikoak lor zitezkeen. Haatik, atzerritarrek, emakumezkoek eta esklaboek ezin zuten herritartasunik lortu. Hiru gizarte talde horiek gehiengo handi bat osatzen zuten Erromako gizartean.

FAMILIA ERROMATARRA

a) “Pater familias”.
Erromako gizartearen oinarrizko elementua zen familia. Familia honako hauek osatzen zuten: aitak (“pater familias” izenekoa), haren emazteak, seme-alabek, etxeko esklaboek (aberastasun ikur ziren), esklabo horien seme-alabek, libertoek eta bezero talde txiki batek (etxeko jabearen zerbitzuan lan egiten zuten pertsona libreak).
Aitak agintzen zuen familian. Aitak erabakitzen zuen bere seme-alabak norekin ezkondu, eta are gehiago, aitaren esku zegoen bere seme-alabek bizirik jarraitzea edo hiltzea.
Erromatarren izenak: Erromatarren izenak hiru edo lau hitz izaten zituen: izen berezia edo praenomen bat, aitaren abizena edo nomen izenekoa eta familiaren goitizena edo cognomen izenekoa. Zenbaitetan, hurbileko senideren batengandik bereizteko, ezizen bat jartzen zitzaion atzetik; esaterako, Kaio Julio Zesar, Publio Kornelio Eszipion Afrikarra...

b) Emakume erromatarrak.
Emakume erromatarrek ez zuten eskubide politikorik; ez emakume esklaboek, ez emakume plebeioek, ezta emakume patrizioek ere. Gizonaren esanetara bizi ziren, eta gizon hori bere aita, senarra, osaba edo beste edozein gizon izan zitekeen. Erroman ohikoa zen moduan, dibortziatuz gero, aitaren etxera itzultzen ziren. 13 edo 14 urterekin ezkontzen ziren, seme-alaba asko izaten zituzten (nahiago zuten mutilak izatea) eta 30 urte egin aurretik amona bihurtzen ziren.
Erromatarren artean egin zezaketen jarduera bakarra erlijiosoa zen; batik bat, emakume apaiz vestale moduan (Vesta jainkosaren tenpluan, erromatar foroan, su sakratua piztuta izateaz arduratzen ziren emakumen apaizak. Haien birjintasuna zaindu behar zuten).

ERROMAKO ERLIJIOA

Erromatarrek erlijio sinesmen jakin bat zuten arren, ez zituzten debekatu Inperioaren menpe zeuden herrietako erlijioak. Hala ere, K. o. I. mendean jaio zen erlijio berri bat jazarri zuten: kristautasuna, hain zuzen.

- Erromatar erlijioa
Erromatarrek erlijio politeista praktikatzen zuten, hau da, jainko asko gurtzen zituzten. Gainera, bi motatako erlijioak zeuden: familiarra eta ofiziala.

a) Erlijio familiarra
Familia bakoitzak etxean bertan gurtzen zituen jainkoak hauek ziren:
- lareak edo etxearen jainko babesleak;
- penateak edo bizitzaren eta etxeko horniduraren (elikagai,tresnak, ...) jainko babesleak; eta
- maneak edo arbasoen espirituak.
Aitak zuzentzen zituen jainkotasunezko gurtza horiek, eta etxeko aldare (Larario) baten aurrean egiten ziren.
b) Erlijio ofiziala
Erromatarrek jatorriz Greziakoak ziren beste zenbait jainko ere gurtzen zituzten. Izatez, Greziako jainko askori izena aldatu zioten; besteak beste, Zeusi Jupiter deitu zioten; Afroditari, Venus; Hefestori, Vulcano; Cronosi; Saturno; Poseidoni, Neptuno; Aresi, Marte; Hermesi, Mercurio; Herari, Juno; Hestiari, Vesta...
Beste alde batetik, enperadorea ere gurtzen zuten erromatarrek, Inperioaren leialtasuna adierazteko.

KRISTAUTASUNA

K. o. 30. urte inguruan, Palestinan, erlijio mezu berri batean oinarritutako doktrina berri bat zabaltzen hasi zen. Jainko bakarraren existentzia, eta hurkoa (beste pertsonak) maitatu eta barkatu egin behar dela zioen. Fundatzailea Nazareteko Jesus izan zen, eta hebrearrek Jainkoaren aurkako birau egitea (jainko baten edo zeinu sakratuen kontrako hitz laidogarriak) leporatu zioten; erromatarrek, aldiz, Inperioaren aurkako matxinaden antolatzailea. Horren ondorioz, gurutzean hiltzera kondenatu zuten, Jesus sinesmenak, ordea, erromatar mundua guztian zehar hedatu ziren, eta maila baxueneko gizarte taldeek bere egin zituzten.
Erromatarrek erlijio berri horretan izugarrizko arriskua ikusten zuten, bai jendeak haien jainkoak gurtu nahi ez zituztelako, bai enperadorearen agintea onartu nahi ez zutelako. Hori dela eta, kristauak jazarri egin zituzten. Neron enperadorearen garaian (K. o. I. mendean) eta Dioklezianoren garaian (K. o. IV. Mendean) egindako jazarpenak dira aipagarrienak.
Jazarpenez gain, kristautasuna Inperio guztian zehar hedatu zen, eta K. o. 313. urtean, Konstantino enperadoreak, Milango Ediktuari esker, kristautasuna erlijio modura onartu zuen, eta harrezkero, inork gehiagok ez zuen jazarri. Gainera, 380. urtean, Teodosio enperadorearen garaian, kristautasuna erlijio ofizial bihurtu zen.

Inperioko erlijioak: Erromatarrek panteoian Ekialdetik ekarritako zenbait jainko-jainkosa onartu zituzten; esaterako, Isis egiptoarra, Zibele asiarra eta Mitra persiarra.


Created by Patxi G. Ardanaz (i.bai proiektutik)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina