IKUSI ETA IKASI... EUSKARAZ!

GIZARTE ZIENTZIAK, GEOGRAFIA ETA HISTORIA.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

2020/05/24

HIRIEN GARAPENA ERDI AROAN

ERDI AROKO HIRIA

foto 17 b

XII. eta XIV. mendeen artean, garapen ekonomikoa hobetzen hasi zen Europan, nekazaritzan gertatutako hobekuntzei eta biztanleria handitzeari esker. Horrek hirien susperraldia eragin zuen, bai eta hiriko bizitzarena ere.

Hiriak artisautza-ekoizpenaren eta produktu-trukearen gune bilakatu zen. haietan, gainera, burgesia aberats bat sortu zen (merkatariak, artisauak, bankariak), eta hirietako aginteaz jabetu ziren.
Monarkak burgesiaren goraldi ekonomikoaz baliatu ziren, jaun noble feudalengan zuten boterea eta autoritatea finkatzeko.

Hiriak handitu eta harresiz babestu ziren, bai eta jauregiz, katedralez, lonjaz eta merkatuz bete ere. Arte estilo berria sortu zen: Gotikoa. Eta hartaz baliatuz, eraikin altuagoak eta lerdenak eraiki ziren.

XIV. mendearen erdialdean, Izurri Beltza zabaldu zen Europa osoan, jende asko hil, eta, haren eraginez, krisia orokortu egin zen, arlo ekonomikoan zein sozialean. Krisiak landan zein hirian izan zuen eragina.

1 HIRIKO BIZITZA BERESKURATZEA

XIII. mendean, nekazaritza-oparotasuneko eta hazkunde demografiko handiko garaia bizi izan zen Mendebaldeko Europan. Horrek merkataritza-trukeak areagotu zituen, eta hiriko bizitzaren pizkundeari eman zion bide.


1.1 NEKAZARITZAREN HEDAPENA

XI. mendearen amaieratik aurrera, hobekuntzak izan ziren nekazaritzan. Alde batetik, inbasio handiak amaitu eta jaunen arteko gerrak gutxitu izan zirelako, eta beste aldetik, nekazaritza-lanabes eta teknika berriak erabiltzen zirelako. Horrela lortu zen nekazaritza-ekoizpena handitzea (ekoizpen handiagoa landutako azalera bakoitzeko).

campesinos medievales

Hauek izan ziren nekazaritzako berrikuntza nagusiak:

- Laboranatza-teknika berriak; esaterako, hiru urteko labore-txandaketa (hiru urtez behingo txandaketa). Lurraren herena soilik uzten zuten lugorri (lugorri: landatu gabe lurra errekuperatzeko), eta txandakatu egiten ziren neguko eta udaberriko zerealak lursail bakoitzean. Abereen simaurra (gorotza) ongarri gisa erabiltzeak ere hobetu egin zuen lurren emankortasuna.
- Nekazaritza-lanabes berriak; hala nola normandiar goldea (edo belarridun goldea), zaldiak gurdi-abere gisa erabiltzea eta errotak (urezkoak nahiz haizezkoak). Ureztazeko teknikak ere hobetu ziren kanalak eta ubide berriak sortuz.




(Normandiar goldea edo golde belarriduna aztunagoa zen antzinako erromatar goldea baino. hortaz, ildo sakonagoak egiten zituen eta gehiago aireztatzen zuen lurra emankortasuna hobetuz. Zaldiak gurdi-gisa erabiliz lurralde gehiago lan egiteko aukera ematen zuen).


1.2 BIZTANLERIAREN HAZKUNDEA

Nekazaritza ekoizpena handitu izanari esker, hobetu egin zen elikadura, eta horrek gaixotasunekiko erresistentzia handitu zuen biztanleen artean. Aldaketa horrek biztanleriaren hazkundea eragin zuen; izan ere, Europako biztanleria 45 milioikoa zen XII.mendean, eta 75 miloikoa izatera igaro zen XIV. mendean.


Hazkunde demografikoak, dena den, lantzeko lur berriak bilatzeko beharra eragin zuen. Hori dela eta, garai batean alde batera utzitako lursailak lantzen hasi ziren nekazariak. Horrez gain, basoak bota zituzten, sail berriak luberritu zituzten, padurak lehortu zituzten, eta dikeak eta ubideak ere eraiki zituzten; esate baterako, Herbehereetan.

Landako biztanleria areagotu zen, eta feudoetan ez zen behar hainbeste nekazari, orduan, hiriranzko emigrazioa eragin zuen nekazarien artean. Gainera, hirietan ez zen jaun feudalen kontrol zorrotzik, eta, beraz, askatasun handiagoa zegoen, bai eta bizi-baldintzak hobetzeko aukera ere.


1.3 HIRIEN HAZKUNDEA

Nekazaritza hobetzeak merkataritzaren eta hirien susperraldia  eragin zituen. Nekazari eta abeltzainek, beren kontsumorako behar zutena baino gehiago ekoitzen zutenez, soberakina lortu zuten, eta, horren truke, beste produktu batzuk lor zitzaketen. Hiriak artisau eta merkatarien bizitoki bilakatu ziren.

Hirien susperraldia gaztelu eta abadien ondoko auzoak sortu edo handitu izanari esker gertatu zen. Auzo horiei burgo esaten zitzaien, eta haietan bizi zirenei, berriz burges.

Bidegurutzeetan, ibaietatik hurbil edo portuen inguruan zeuden burgoetan, handituz joan ziren merkataritzari esker eta, beraz, oso azkar hiri berriak bihurtu ziren.


NOLAKOAK ZIREN ERDI AROKO HIRIAK

Erdi aroko hiriak  komunikabide nagusietatik hurbil egoten ziren kokatuta (besteak beste antzinako erromatar galtzadetatik hurbil); eta hiriko biztanleen beharrizan nagusiak hornitzeko baliabideak zituzten lurretan; hots, laborantzarako eta artzaintzarako lursail onak, ur ugari (ibaiak, iturriak eta akuiferoak), egurra lortzeko basoak, harria ateratzeko harrobiak, eta batik bat gatza eta mineralak lortzeko meatzeak zituzten lurretan.

Erdi Aroko hiriak harresiz erabat inguratuta egoten ziren, baina zabaldu egin behar izaten ziren, hiriak handitu ahal izateko harresi berriak sortuz. Harresitutako barrutia oso nahasia izaten zen; eta hiriaren planoa, berriz, oso irregularra.

Hirigunean plaza bat izaten zen, eta haren inguruan egoten ziren hiriko eraikinik garrantzitsuenak: udaletxea, merkatua, lonja (biltegia eta salmenta handia) eta katedrala (inguruko eliza nagusia). Nobleek luxuzko jauregiak eraikitzen zituzten hiriguneetan.


Hiriko espazio gehiena patioek eta baratzedun etxebizitzek hartzen zuten; baina, horiez gain, ospitaleak, eskolak, ostatuak eta hainbat erlijio-eraikin ere izaten ziren (elizak eta komentuak).

Hiriak zenbait auzotan banatuta egoten ziren, eta biztanleak haietan elkartzen ziren jatorriaren edo erlijioaren (judutegia, mairu-auzo musulmanak,...) edo artisautza-jardueraren arabera (gremioak).

Kaleak estuak, zikinak, gutxi harriztatuak eta espaloirik gabeak izaten ziren, eta gehienak, estolderiarik gabeak. Hiriko higienea eskasa zenez, eta arkakuso eta arratoi ugari izaten zenez, gaixotasunak erraz kutsatu eta zabaltzen ziren (kolera, tifusa izurria...).

Suteak ere ohikoak ziren, eta berehala zabaltzen ziren; izan ere, eraikinak zurezkoak izaten ziren hein handi batean, eta oso gertu egoten ziren batzuk besteetatik.


HIRIAREN GARAPEN EKONOMIKOA

2. 1 ARTISAUAK ETA GREMIOAK

Erdi Aroko hiria eskuz egindako objektuak ekoitzeko gune bilakatu zen. Lanbide edo gremio bakoitzeko artisauak kale jakin batean biltzen ziren. Horregatik, zegokion lanbidearen izena hartzen zuen kale bakoitzak: larru-ontzaileak, zilargileak, ehuleak, tindatzaileak, aiztogileak, zapatariak,... eta abar.


Artisautza-lana lantegi txikietan egiten zen. Artisau maisua izaten zen lantegiaren jabe, eta bere erremintak izaten zituen lanerako. Artisaua bizi zen etxea lantegia eta etxebizitza zen aldi berean, eta kanpora irekitzen zituen ateak, produktuak erakusgai jartzeko eta saldu ahal izateko.


Hiri bakoitzeko artisauak gremiotan elkartzen ziren, lanbideka, beste toki batzuetako artisauen lehiari aurre egiteko eta ekoizpena ikuskatzeko.. Gremioek antolamendu hierarkikoa zuten, eta oso zorrotza, gainera: artisau izateko, lehenik ikastun izan behar zuten; gero, ikasi ondoren eta urte batzuen buruan, ofizial egiten ziren; eta azkenik, artisau maisu. Azken titulu lortzeko egin behar zuten maisu-lan eder bat eta titulu horrek aukera ematen zuen lantegi propioa izateko.


Gremioa arau jakin batzuk betearazteaz arduratzen zen: artisauek ezin zuten gremioaren baimenik gabe lan egin, guztien lanaldiak ordu kopuru berekoa izan behar zuen, eta araututako erremintak eta materialak erabiliz egin behar zuten lan. horrez gain, ekoitzitako salgaien kantitatea eta kalitatea kontrolatzen zuen gremioak, bai eta azken prezioa finkatzen ere.


Gremioen beste ardueretako bat lanbideko kideei eta haien familiei laguntzea zen. Gremioko kideek kuota batzuk ordaintzen zituzten, eta kuota horiei esker, gaixoei, alargunei eta umezurtzei laguntzen zieten. Batzuetan gremioek ospitaleak sortzen zituzten.
Emakumeak nekez eta gutxitan onartzen zituzten  gremiotan, alarguntzen zirenean, esate baterako.


2. 2 ESKULANGINTZAKO LANBIDEAK

Lehen azaldu den moduan, eskulangile edo artisauek ondo zehaztutako hiru maila izaten zituzten bere lanbideetan:

- Gazte batek lanbide bat ikasi nahi zuenean kontratu bat sinatzen zuen artisau batekin eta haren ikastun bihurtzen zen. Hainbat urtez aritzen zen harentzat lanean, soldatarik jaso gabe. lantegi bakoitzean ikastun bat egoten zen, eta maisuaren etxean bertan bizi zen, haren kontura.
- Ikasi eta prestakuntza eta gero, ikastuna ofizial bihurtzen zen eta soldata jasotzen zuen lanaren truke.
- Ofizial bat norberarentzat lan egiten hasten zenean,, maisu bihurtzen zen maisu-lan edo kalitate handiko pieza bat egin ondoren. lantegiaren, erreminten eta lehengaien jabea zen, eta berarentzat ziren jardueraren etekinak eta galerak. Batzuetan bere lantegian ofizial batzuk eta ikastunak zeuden lanean.




2. 3 MERKATARITZAREN HEDAPENA

Hiriguneen funtzio nagusietako bat merkatuarena zen; izan ere, inguruko nekazariek bertara jotzen zuten beren produktuen truke manufakturak lortzeko.


2. 3. 1 LEHORREKO BIDEAK

Bideetako segurtasuna handitzeari esker, errazagoa bilakatu zen merkantziak garraiatzea, eta bide berriak sortu ziren hirien artean. Hiri askok egun jakinak izendatu zituzten merkatuak egiteko. Horrez gain, legeak sortu zituzten merkatariak babesteko. Azokak edo ezohiko merkatuak ere sortu ziren egun seinalatuetan. Haietan, eskualde guztiko jendea biltzen zen.

2. 3. 2 ITSAS BIDEAK

Distantzia luzeetan, itsas merkataritzak garrantzi handia hartu zuen, itsasontzien edukiera eta abiadura handiari esker. Lehen itsas bide nagusiak mendebaldeko Mediterraneoa lotzen zuen ekialdekoarekin.
Venezia, Genova, Marseilla, Bartzelona eta Valentzia hiriak, besteak beste, Ekialde Hurbilarekin eta Bizantziar Inperioarekin aritzen ziren salerosketan. Luxuzko produktuak inportatzen zituzten (zeta eta espeziak), eta ehunak, armak eta erremintak esportatzen.


Bigarren itsas bide nagusia Atlantikoko eta Baltikoko bidea zen (Hansa). Lisboatik eta Kantauri itsasoko portuetatik hasi, eta Baltikoko portuetara iristen zen. Artilea, ardoa, larrua, egurra eta garia garraiatzen ziren. Produktu horien ibilbideek Herbehereetako hirietan egiten zuten bat (Brujas, Gante...).




BA AL ZENEKIEN?
Merkataritza berreskuratzeak monetaren zirkulazioa ekarri zuen berekin, eta hiri asko beren txanponak egiten hasi ziren, urrea edo zilarra erabiliz.

Monarkei zegokion txanponen jaulkipena eta diseinua kontrolatzea; izan ere, haien irudia agertzen zen sarri haietan. Txanponak txanpon-etxe izeneko artisau-lantegi berei batzuetab egiten ziren, artisau-prozesu zehatz bati jarraituz. Horretarako, mailu batez lantzen zen metala, trokel baten gainean jarrita. Trokela molde bat zen, nabarmendu nahi zen irudia marraztuta zuena.


3 HIRIKO GIZARTEA


3. 1 BURGESIAREN SORRERA

Hirien hazkundeak gizarte feudala eraldatu zuen. Hiri berrietan, jaun feudalen joputzatik ihes egin eta artisautzan eta merkataritzan ziharduten jende mordo bat elkartu zen, guztiak ere inongo jaun feudalen mendeko ez zirenak. Horrek guztiak gizarte talde berri bat sorrarazi zuen: burgesia. Hasieran, hiriko biztanleari burges esaten zitzaion eta merkataritza eta eskulangintzan ziharduten auzoko biztanleak ziren.

Dirua zen burgesiaren aberastasun-iturri; izan ere, dirua lortzen zuten egindako lanaren, beren produktuak saltzearen edota beren negozioetan lortutako irabazien truke. Aberastasunaren arabera, bi maila bereizten ziren: elitea edo goi-mailako burgesia, merkatari eta bankari garrantzitsuek osatua, oso aberatsak eta ospetsuak zirenez, hiriko gobernua kontrolatzen zuten; eta behe-mailako burgesia, artisau maisuek eta merkatari txikiek osatua; biztanleri gehienak, eskulangile eta dendari apalak ziren.

Hirietako aberastasunak noble eta elizgizonak ere erakarri zituen, eta haietan ezarri zituzten beren egoitzak; horrez gain, jauregiak, komentuak eta elizak ere eraiki zituzten.
Hirietan, beste gizarte-talde batzuk ere bizi ziren, gizartearen beheko mailan (jende xehea, azken batean); besteak beste, gremioetako ofizialak eta ikastunak, morroiak, ofiziorik gabeak eta, maila baxuenean, eskaleak, hauen artean pobreak eta baztertuak zeuden. Ez zuten lanik, eta eskean ibiltzen  ziren, edota lapurretan ere egiten zuten bizi ahal izateko.

Erlijio-talde txiki batzuetako kideak ere bizi ziren hirietan; esaterako, juduak. Juduak bereiziriko auzoetan bizi ziren (judutegietan), eta itxi egiten ziren gauez. Haietako asko artisauak, mailegu-maileak eta medikuak ziren.




3. 2 HIRIEN GOBERNUA

Hiri bakoitzak bere gobernua zuen. Hirietan, hasieran, auzotar guztien komunak edo batzarrak osatu ziren, hiritar guztiek parte hartzen zuten batzar horietan gobernua zuzentzeko.
Geroago, biztanleriaren hazkundea zela eta ezinezkoa zenez hiritar guztiak parte hartzea, udalak eta kontzejuak sortu ziren. Epaile bat eta alkateak ziren haien buru, eta magistratuak edo erregidoreak (zinegotziak) finantzen, ordenaren eta justiaziaren arduradunak. Burgumaisu edo alkatea zen hiriko gobernuaren arduradun nagusia.
Denboraren poderioz kontzejua eta hiriko gobernua familia aberatsenen (merkatari handi aberatsak eta bankari-familiak) esku gelditu zen pixkanaka. Familia horietako asko, gainera, hiriko nobleziaren ahaide ziren, eta talde pribilegiatua osatu zuten: hiri-patriziatua edo hiriko elitea.


3.3 FORUA

Hiriak azkar bihurtu ziren beren eskualdetako  bizitza erlijiosoaren, politikaren eta ekonomikoaren gune eta topaleku nagusia.

Hiri asko , feudo bateko lurraldearen barruan zeudenez, feudo horretako jaunaren jurisdikziopean zeuden, zela erregea bera, zela jaun laiko edo elizgizon bat.

Burgesak jaunen aginpidetik askatzeko eta beren  burua gobernatzeko eskubidea izateko borrokatu zuten. Hiri batek eskubide hori lortzen zuenean, erregeak ematen zion forua.
Foru-dokumentuan hiriaren eskubideak, askatasunak eta pribilegioakjasotzen ziren, bai eta gobernatzeko modua ere.



3. 4 HIRIKO KULTURA

X. eta XI. mendeeetan, klerikoek, errege-funtzionarioek eta merkatari aberts batzuek soilik zekiten irakurtzen eta idazten Mendebaldeko Europan. Garai hartan, monasterioak ziren kulturgune nagusiak.

XII. mendeak aurrera egin ahala, baldintza ekonomikoak hobetu egin ziren, bai eta hiriko bizitza garatu ere. Eta horrek kulturarekiko interes handiagoa piztu zuen noble batzuen artean; bereziki, salerosketan aritzen ziren burges aberatsen artean.

Ezagutza-behar horren ondorioz, eskolak sortu ziren hirietan, Elizaren edo hiriko gobernuaren beraren mende. Berehala, ordea, erlijioen edo udal-agintarien kontrolik gabe ikasteko nahia piztu zen irakasle eta ikasleen artean, eta, horren ondorioz, korporazio batzuk eratu ziren: Unibertsitateak.


BA AL ZENEKIEN?
Europako unibertsitaterik garrantzitsuenak hauek izan ziren: Paris (Frantzian), Oxford ((Ingalaterran) eta Bologna (Italian). Espainian, berriz, Salamancako, Palentziako, Sevillako eta Lleidakoa aipatu behra dira.
Hasieran, jakintza klasikoak soilik ikasten ziren unibertsitateetan: Trivium-a (gramatika, erretorika eta dialektika) eta Quadrivium-a (aritmetika, geometria, musika eta astronomia). Medikuntza, zuzenbidea, arte poetikoa eta teologia ere irakasten ziren.



4. MONARKIA FINKATZEA


4. 1 MONARKEK BURGESIAREN BABESA LORTU NAHI IZAN ZUTEN

X. eta XII. mendeen artean, monarkiak botere gutxi izan zuen bere erresumako lurraldeetan, lehen ikasi dugun bezala. Monarkak ez ziren gai jaun feudalak mendean hartzeko, ez baitzuten behar adina baliabide ekonomiko, ez armada mantentzeko, ez eta erresuma gobernatzeko ere.

XII. mendetik aurrera, gauzak hasi ziren aldetzen. Monarkek hazkunde ekonomikoaz eta burgesiaren goraldiaz baliatu ziren noblezia feudalari beren agintea ezartzeko, eta horrela, beren erresumako lurraldeetan batasuna eta egonkortatsuna bermatzeko.

Burgesek askatasuna ez ezik, segurtasuna ere behar zuten lehorrean, itsasoan nahiz hirietan, merkataritza-jarduerak garatzeko. Helburutzat zuten, halaber, beren legeak, epaileak eta tokian tokiko gobernuak edukitzea.

Burgesiaren babesa irabazteko, errege-erreginek pribilegio-gutunak eman zizkieten hiriei. Haietan, askatasuna eta gobernua osatzeko eskubidea aitortzen zitzaizkien biztanleei. Merkataritza-monopolioak, merkatuak irekitzeko baimenak eta erresuma osoan zehar ibiltzeko bermea ere eman zizkieten.

Errege-pribilegio horien truke, burgesek baliabide ekonomikoak eman behar izan zizkieten monarkei, erresuma babesteko eta kudeatzeko ez ezik, jaun feudalak mendean hartzeko ere.


4. 2 GORTEAK ETA PARLAMENTUAK

Errege Kontseilu edo Gortearen bileretan, ordura arte, nobleziako eta kleroko ordezkari gorenak soilik elkartzen ziren, baina monarkiak nahitaezko bihurtu zuen burgesiako ordezkarien presentzia (haien ekonomia aberatsa behar zutelako). Hasieran, burgesen ordezkari batzuk egun berezietan soilik joaten ziren bileretara... Aurrerago, ordean, erregularki joaten hasi ziren.


Erregeak burgeei bileretara deitzen zien, estamentu horrek Erdi Aroko gizartean zuen garrantzia aitortu nahi zuelako, baina, hori baino gehiago, diru-ekarpenak edo subsidioak eskatu nahi zizkielako. erregeak hiru estamentuekin egindako bilerei (noblezia, kleroa eta burgesia) Gorte edo Parlamentu zeritzen.

Burgesek Gorteetan zuten boterea handiagoa zen erresuma batzuetan beste batzuetan baino. Hori dela eta, monarkak, ekarpen ekonomikoak jaso baino lehen, burgesen eskaerei erantzun behar izaten zien, eta haien kexak ere entzun behar izaten zituen.


4. 3 MONARKEK BOTEREA FINKATZEA LORTU ZUTEN

Monarkia batzuek beren boterea finkatu eta muga garbiko erresuma eratu nahi zuten. Horrek gatazka ugari eragin zituen europar monarken artean.


Gatazka larriena "Ehun Urteetako Gerra" izan zen, Frantzia eta Ingalaterraren artekoa (1337-1453). Frantziako koroaren oinordetza-arazo baten ondorioz sortu zen, bai eta monarka ingelesak Frantziako erregetzaz jabetu nahi izan zutelako ere.

Ingelesek frantziar lurraldearen zati handi bat urte mordoan okupatu bazuten ere, gatazka amaitutzat eman zen Frantziako Karlos VII.-ak garaipena lortu zuenean. Horixe izan zen estatuen arteko (eta ez jaun feudalen arteko) lehen gatazka, Erdi Aroan.


5. BERRIRO KRISIA... BERANT ERDI AROAN (XIV. ETA XV. MENDEAK)

5. 1 GOSEA, GERRA ETA GAIXOTASUNA (IZURRIA)

XIV. mendearen hasieran, nekazaritza-krisia sortu zen, Europan. Izan ere, uzta txarrak izan ziren zenbait urtez segidan; batetik, klima lagun izan ez zelako; eta bestetik, aurreko mendeko luberriketa handietan kalitate eskaseko lurrak landu zirelako. Horren ondorioz, asko gutxitu egin zen gariaren ekoizpena, eta gosea zabaldu zen kontinente osoan.




Arazo horri gerrek eragindako kalteak ere gehitu behar zaizkio; izan ere, gerrek ohikoak ziren garai hartan, bai jaun feudalen artekoak, bai monarken artekoak ere. Soldaduek arpilatu egiten zituzten borrokaldien gune ziren lurrak, baita zeharkatzen zituztenak ere. Basoak, gainera, bidelapurren babesleku ziren, eta horrek handitu egiten zuen bideetako segurtasun falta, merkataritza oztopatuz.



Denboraldirik gogorrena 1347. urtean hasi zen; hots, Izurri Beltz izeneko gaixotasuna Europara iritsi zenean. Biztanleria gaizki elikatuta zegoenez, hildako asko eragin zituen. Krisi demografikoak (biztanleriaren jaitsiera nabarmena), hortaz, larriagotu egin zuen nekazaritza-krisia, eta horrek merkataritza geldiarazi zuen, bai eta hirietako artisautza-jarduera ere.




5. 2 NEKAZARITZA KRISIA ETA MATXINADAK

Biztanleriaren beherakada berehala sumatu zen landan; izan ere, eskulana eskasten hasi zen, eta horrek laborantza-lur asko bertan behera utzi beharra eragin zuen.

Ekoizpena gutxitu egin zen, eta jaun asko ohartu ziren beren diru-sarrerak eta errentak jaisten ari zirela. Galerak berdintzeko, zergak igo zizkieten beren jopuei. Haien baldintzak ere gogortu zituzten; batetik, erabilera txar delakoak ezarriz, eta bestetik, beren lurrak uztea galaraziz.

Elikagai faltak, prezioen igoerak eta bizitza-baldintzak okertu izanak gizarte-tirabirak areagotu zituen landan. Hori dela eta, nekazarien matxinadak gertatu ziren Europa osoan, eta gogor jo zuten jaunen aurka.

5. 3 HIRITARREN MATXINADAK

Krisia hirietara ere iritsi zen, eta haietan, landa-eremuetan baino jende gehiago hil zen. Elikagaien eskasiak eta garestitzeak, artisautza-jardueraren beherakadak eta merkataritza gutxitzeak, gainera, miseria gorrian utzi zituen artisau eta merkatari asko, eta pobrezia zabaldu zen herri-klaseen artean.

Miseria gora egin zuela ikusita, talde ahulenek hobekuntzak eskatu zituzten (soldata-igoera, lanerako eskubideak...), bai eta udal-karguak lortzeko aukera gehiago ere, hiriko patriziatuaren (hiriko noble eta burges aberatsak) monopolio baitziren.

Matxinadak Europako hiri askotara zabaldu ziren (Gante, Florentzia, Paris, Bartzelona...), eta haietako askotan auzo juduei eraso zieten (pogromak, 1391). Noble feudalek, goi-mailako burgesiak eta errege-agintariek, den den, indarrez erreprimitu zitzuten matxinada horiek guztiak.


ARO MODERNOAREN HASIERA


XV. MENDEKO SUSPERRALDIA

XV. mendeko bigarren erdialdean, Europa Erdi Aroaren amaierako krisi larria gainditu zuen, nekazaritza-hazkunde handia eta biztaleria gora egin zuen berriro (hobeto elikatu eta gaixotasunak gaindituz), merkataritza asko garatu zen (mendebaldea eta ekialdearen arteko bideak eraikiz), bankuen goren aldia izan zen, burgesak asko aberastu ziren berriro eta monarkiak botere handi iraunkorra lortu zuen eta autoritarioa bihurtu (botere osoa)..... eta beste garai bat hasi zen: Aro Modernoa. Bertan, hazkunde ekonomikoa hasi, burgesak aberastu eta monarkiak asko indartu egin ziren. Merkataritza-ibilbide berriak bilatuz lortu ziren lur berriak deskubritzea: Amerikako deskubrimendua!


Descubrimiento de América, Cristóbal Colón.

MUNDU MODERNOAREN HASIERA

XV. eta XVI. mendeetako hedapen ekonomikoarekin batera, mundua ulertzeko beste modu bat sortu zen: Humanismoa. Antzinako greziar eta erromatarrek utzitako ondare artistiko eta kulturala aldarrikatu zuten humanistek, eta gizakia (ez jainkoa) jarri zuten beren hausnarketa guztien erdigunean.

Sinesmenak espiritu kritiko berri baten eragina izan zuten: jainkozaletasun pertsonalagoa zabaldu zen eta Elizaren ustelkeria eta abusuak kritikatzen hasi ziren. Testuinguru Horretan, Erreforma erlijiosoa sortu zen, Europa bitan banatu zuen erlijio-mugimendua: alde batetik, protestanteak eta, bestetik, katoliko erromatarrak.

Artistek, Antzinako munduak erakarrita, estilo gotikoa alde batera utzi, eta Klasizismoan (Antzin Greziako eta Erromako mitologian) oinarritutako ereduak bilatzeari ekin zioten. Hain zuzen ere, garai berriak hasiak zirela agerian uzteko sortu zen Errenazimentu hitza.



Gehiago jakiteko... ikusi bideoak:













1 iruzkin:

  1. Top 10 BEST casino sites for playing roulette for real money 2021
    Play 파라오도메인 Online Roulette for Real Money on our list of the top 10 casinos where 바카라 시스템 배팅 you can 먹튀재판소 play roulette for 유로 스타 도메인 real money online. Withdrawal 강원 랜드 떡 times for casinos that accept

    ErantzunEzabatu