IKUSI ETA IKASI... EUSKARAZ!

GIZARTE ZIENTZIAK, GEOGRAFIA ETA HISTORIA.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

2010/11/22

ANTZIN GREZIA. APUNTEAK 6. GIZARTEA

6. GREZIAR GIZARTEA.

6.1. EGUNEROKO BIZITZA GREZIAN
Garai klasikoan, gizarte bizitza eta bizitza politikoa, hau da, bizitza publikoa, garrantzitsuagoa zen bizitza pribatua baino. Hori garbi islatzen da eraikin publikoen eta eraikin pribatuen arteko aldean. Nahiz eta landa eremuetan zenbait etxe handi egon bazeuden eta bertako biztanleek nolabaiteko luxuak eduki, polisetan bizi ziren greziar gehienak gune ireki urriak zituzten kale estuetan kokatutako etxe txikietan bizi ziren. Agora edo plaza publikoa (hor jartzen zen azoka, ospatzen ziren hiritarren arteko batzarrak, eta administratzen zen justizia) zen eraikin handi bakarra.
Etxeak egiteko, material pobreak erabiltzen zituzten, hala nola, pezoa eta egurra. Etxebizitza patio baten inguruan antolatzen zen, eta hortik etxeko gainerako geletara joan zitekeen. Leiho txikiak zituzten, ez zuten babesik, eta aireztapen eskasekoak ziren. Zenbait etxebizitzak bi altuera zituzten, horrek bi familia etxe berdinean bizitzeko aukera ematen zien.
Etxeko altzariak honako hauek ziren: kutxak (arropak eta gainerako ondasunak gordetzeko), mahaiak, aulkiak eta oheak.
Greziarren dieta ez zen batere zabala. Oinarrizko jakia ogia zen, bai gariarekin eginikoa bai garagarrarekin eginikoa; ogia polisetako okindegietan erosten zuten, edo esklaboek egiten zuten etxe aberatsetan. Gazta, olibak, barazkiak eta frutak ere jaten zituzten. Arraina, haragia ez bezala, sarri jaten zuten; haragia ahuntzen bat edo ardiren bat hiltzen zutenean baino ez zuetan jaten. Basurdearen, oreinaren eta erbiaren haragia ere jaten zuten, ehizatzen zituztenean. Ardoa eta ura eta eztiarekin eginiko nahasketa (ezti ura) ziren ohiko edariak. Elikagaiak eta edariak zeramikazko ontzietan gordetzen zituzten.

6.2. EMAKUME GREZIARREN EGOERA
Espartan, emakumeek (gerlarien emazteek eta amek) begirune handiagoa bazuten ere, oro har, eta, bereziki Atenasen guztiz gutxietsita zeuden eta ez zuten inolako eskubide politikorik eta juridikorik; emakumeek ez zuten botorik ematen, haien ondasunak ezin zituzten xedatu (senarrak edo hurbileneko gizonezko ahaideak xedatzen zituzten), gutxieneko heziketa baino ez zuten jasotzen, eta abar.
Emakume aberatsak etxeetan, ginezeoan edota etxearen baitan haiei zuzendutako lekuetan biltzen ziren. Maila apalenetako emakumeek etxeko lanak egiten zituzten, azokara joaten ziren, eta ehunak, soinekoak, mantak eta abar egiteko beharrezko irundako gaiez arduratzen ziren; gainera, zenbait emakumek eskulangintzako tailerretan egiten zuten lan.
Emakumeak senarra aukeratzeko askatasunik e zuen; aitak edo tutoreak aukeratzen zion senarra, adosten zuen ezkontza eta prestatzen zion dotea. Banandu bazitekeen ere, emakumearen desleialtasuna heriotzarekin zigortuta zegoen.

6.3. GAZTE GREZIARREN HEZIKETA
Seme alaben heziketa gurasoen esku zegoen harik eta hamazortzi urte betetzen zituzten arte; hamazortzi urterekin, hiritar bilakatzen ziren, eta euren bizitza publikoari ekiten zioten.
Haurrak ziren bitartean, amak edo inudeak (haur txikiak zaintzeaz arduratzen zen emakumea) zaintzen zituzten. Jokoak (pilotan ibiltzen, uztai jokoa, zibotarekin…) erakusten zizkieten, narrazio tradizionalak ezagutzera ematen zizkien eta abar.
Familia aberatsek esklaboa edukitzen zuten, haurrak zaintzeko, haurrak irakaslearen etxera eramateko eta haurrei etxeko lanak egiten laguntzeko.
Hamabi urtera arte, ikasleei letrak (irakurtzen eta idazten), aritmetika eta musika (dantza eta kantua) erakusten zitzaizkien. Ikasleak idazten ikasteko erabiltzen zituen lehenengo idazteko tresnak arbeltxoa eta puntzoia ziren; gerora, berriz, luma eta papiroa erabiltzen zituen. (Irakasleak: gramatikoak, paidotribeak eta kitharisteak).
Musika, dantza eta kantua garrantzitsuak ziren greziarren artean. Edozein ospakizun erlijioso, festa, antzerki, saio, inaugurazio edo gertaera garrantzitsu dantzaz eta koruen kantuz ospatzen zen.
Hamabi urtetik hamazortzi urte bitartera, irakasgai nagusiak gimnasia eta ariketa fisikoa ziren. Mutikoak palestrara (gimnasiako ariketak eta lehiaketak egiten ziren lekua) joaten ziren, eta zenbait kirol lantzen zituzten, hala nola: borroka, lasterketa, luzera jauzia, disko eta txabalina jaurtiketa, boxeoa eta pankrazioa edo gorputzez gorputzeko borroka (azken horretan, edozein bitartekoz balia zitekeen). Nabarmentzen ziren kirolariek Olinpiadetan hartzen zuten parte; lehiaketa horretara, Grezia osoko kirolariak Olinpia hirira joaten ziren kirol probak garaitu eta trofeoa irabazteko asmoz. Trofeoa palmondoaren adarra eta olibondoz eginiko koroa ziren, baina benetan meritu zuena garaipena lortzea zen. Irabazleak heroiak ziren haien polisentzat. Joko Olinpikoak ia mila urtetan zehar ospatu ziren.
Neska gehienak ez ziren eskolara joaten eta etxean ikasten zuten josten eta abar. Etxeko emakumeen ardura zen janaria prestatzen, josten eta gainerako etxeko lanak egitea. Atenasko eskolara joaten ziren neskatoak oso oinarrizko heziketa baino ez zuten jasotzen, irakurtzen eta idazten ikasten zuten justu-justu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina