IKUSI ETA IKASI... EUSKARAZ!

GIZARTE ZIENTZIAK, GEOGRAFIA ETA HISTORIA.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

2010/10/04

ANTZIN EGIPTOKO HISTORIA

Beste apunte batzuk. Orain Antzin Egiptoko Historia:

EGIPTOKO HISTORIAKO ALDIAK.

K.a. 3100 urtearen inguruan Menes (Narmer) errege ospetsuak Goi eta Behe Egiptoko lurralde guztiak erreinu bakarrean batu zituen.
Egiptoko zibilizazioaren historia hiru aldi nagusitan zatitu ohi da, elkarren artean bitarteko bi garai dituztela:
 Inperio Zaharra (k.a. 3100-2200), hiriburua Menfis zela.
 Erdiko Inperioa (k.a. 2050-1785), hiriburua Tebasera aldatu zuten.
 Inperio Berria (k.a. 1580-1069), hiriburua Tebasen mantenduz. Garai honetan Palestina eta Siria konkistatu zituzten.
 Ondoren, (Behe Aroan) Egiptoko estatua beste herri batzuek menperatu zuten (asiriarrak, pertsiarrak eta greziarrak), harik eta K.a. I mendean desegin zen arte, erromatarrek konkistatu zutelako.
Zibilizazio egiptoarra Niloren bailaran zehar nekazari talde asko finkatzen hasi zenean sortu zen. Biztanleria talde horiek hasieran estatu txikietan antolatu ziren, gero batu egin ziren, eta bi erresuma handi sortu ziren: Egipto Behea, iparraldean kokatuta, deltaren eskualdean; eta Egipto Garaia, hegoaldean.
Bi erresuma horien batasuna K.a. 3100. urtean gertatu zen Menes faraoiaren erregealdian. Ezin da jakin benetako pertsonaia historikoa edo kondairazkoa izan zen, baina hogeita hamar dinastiei hasiera berak eman ziola uste da.
a) Inperio Zaharra.
Inperio Zaharra III. dinastiarekin ezarri zen Gizeh-eko bailaran. Dinastia horretako hiru faraoiek eman zioten izena Egiptoko hiru piramide ospetsuenei: Keops, Kefren eta Mikerino. Piramide horien ondoan Gizeh-eko esfingea dago, eta monumentu multzo ikaragarria osatzen dute, garai hartako faraoiek izan zuten boterearen isla.
Lehendabiziko garai honen bukaera aldera, zenbait aldaketa izan ziren erlijioaren alorrean, eta desordena publikoa eta lapurretak eragin zituzten; erresuma desegin zen eta batasuna hautsi.
b) Inperio Ertaina
XI. dinastiaren agintaldian, herrialdea berriro batu egin zen, eta Tebas izan zen hiriburua. Berriz ere oparotasun handia lortu zuen Egiptok: monumentu handiak altxatu ziren, Nilo ibaiaren ura hobeto aprobetxatzeko kanalak egin ziren, eta gotorlekuak eraiki ziren, besteak beste. Hiksoek, Palestinako herri nomadak, inbaditu zutenean, bukatu zen garai oparo hori.
c) Inperio Berria
Tebas hiria hartu zuen berriz ere ekimena, eta XVIII. dinastiaren agintepean batu zen Egipto. Inperio Berriari hasiera eman zitzaion. Ia 500 urtez iraun zuen garai berriak, eta Egiptoko historian ondoen ezagutzen den garaietako bat da. Garai honetako gertaera ia guztiak Luxor eta Karnak tenpluetako zutabeetan eta hormetan kontatuta daude; bi tenplu horiek garai honetan eraiki ziren.
Inperio Berrian, politika espantsionistari ekin zioten inguruko herrialdeen kontura. Horrela, Egiptok Palestina konkistatu zuen, Eufrates-eraino iritsi zen, erresuma mesopotamiarrei eta Anatoliako hitita herriari aurre egin zien. Gainera, hegoaldean zehar hedatu ziren, Nubia konkistatu zuten, eta hango urre meategi aberatsen jabe egin ziren.
Garai honetako faraoi garrantzitsuenak izan ziren: Tumosis III.a, Palestina eta Siria inguruko lurralde zabalak konkistatu zituen; Amenofis IV.a erlijio erreformatzailea; eta Ramses II.a, hititak konkistatu zituen. Faraoi horien erregealdian lortu zuen zibilizazio egiptoarrak osperik handienetako garaietako bat.
Garai oparoa izan bazen ere, Amenofis IV.ak ezarritako erlijio erreformen eraginez, barne istiluak izan ziren lehendabizi, eta gero, gerra zibila; azkenean, herrialdea ahuldu egin zen. Besteak beste, honako aldaketa hau agindu zuen: monoteismoa ezarri zuen, hau da, Aton jainko bakarraren gurtza ezarri zuen (Eguzkiaren erregea) eta izena ere aldatu zion, Akenaton. Inbasioak etengabe izaten ziren, eta armada egiptoarraren boterea izugarri hazi zen. Armada mertzenarioz osatua zegoen, batez ere Libiako eta Greziako atzerritarrez. Eta Inperio egiptoarra atzerritarrez osatutako armadaren esku zegoenez, erresuma independente izateari utzi zion.
d) Inperioaren gainbehera
K.a. 1085. urteaz geroztik, Egipto oraindik ere estatu garrantzitsua izan zen, baina ez zuen aurreko garaian izan zuen boterea eta ospea. Inbasio garaia zen, eta Egipto persiarrek okupatu zuten, k.a. 525. urtean. Azkenean, Alexandro Handiak Egipto bere inperioan bildu zuen, K.a. 332. urtean. Hura hil ondoren, Ptolomeok, haren armadako jeneraletako batek, beste dinastia bat ezarri zuen; Kleopatra bere ondorengoetako bat izan zen. Kleopatraren erregealdiaren ondoren, Egipto Inperioa erromatarraren probintzia bilakatu zen, eta erromatar enperadorearen prokuradore baten agindupean geratu zen. Inperio erromatarraren gainbehera etorri zenean, k.o. 476. urtean, Egipto Inperio bizantziarraren parte izatera pasa zen, arabiarrek konkistatu arte, k.o. 641ean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina