IKUSI ETA IKASI... EUSKARAZ!

GIZARTE ZIENTZIAK, GEOGRAFIA ETA HISTORIA.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

2010/01/13

ATMOSFERARI BURUZKO BESTE BIDEO BAT.

Eta, jarraian beste bideo bat doakizue Lurreko Atmosferari buruz. Ikusten duzuenez, bideo horiek Youtube-tik aterata daude. Bertan ere ikus dezakezue; eta beste bideo batzuk ere bilatu gai honi buruz...
Aldez aurretik, eskerrak eman behar dizkiogu Youtube-ko arduradunei eta honelako bideo didaktikoak bertan argitaratzen dituztenei. Eskerrik asko, bada.

2010/01/08

ATMOSFERAN ZEHAR BIDAIA. BIDEO BAT

Ea zuen gustokoa den bideo hori. Gugandik hurbileko atmosferan zehar egindako bidaia.

EGURALDIA ETA KLIMA. ELEMENTUAK. APUNTEAK 4


5. EGURALDIA ETA KLIMAREN ELEMENTUAK:

5.1. PREZIPITAZIOAK. Hezetasuna da airean dagoen ur lurrunaren kantitatea. Tenperatura zenbat eta altuagoa izan, orduan eta handiagoa da lurruntzea; eta, hezetasun kantitatea handiagoa da.
Atmosferan dagoen ur lurruna hoztean, kondentsatu eta likido bihurtzen da, tanta txiki-txikiak sortuz. Tanta txiki horien multzoak hodeiak dira. Tanta txiki horiek pisu gutxikoak direnez, esekita daude atmosferan altuera desberdinetan, baina hozten jarraitzen badira, kondentsazioa handitzen da tamainaz eta pisuz handitzen. Tanta handiago horiek lurrera erortzen dira prezipitazioak sortuz. Beraz, prezipitazioak dira atmosferatik erortzen den ur kantitateak.
Prezipitazioak hiru modutan izaten dira: ur likidoa erotzen bada, euria. Era solidoa erortzen bada, aldiz, elurra edo txingorra.

5.2. PREZIPITAZIOAK ALDATZEN DITUZTEN FAKTOREAK.
- Latitudearekin prezipitazioak aldatzen dira. Leku bero izanik, ekuatoreraren inguruko eremuetan euri asko egiten du. Gero, hortik abiatuz zona epeletan euri gutxiago eta, azkenik, poloetan oso gutxi, ia ezer ez!
- Altitudearekin ugaritzen dira prezipitazioak. Leku baxuetan altuetan baino euri uxiago egiten du. Beraz, gero eta altuago, orduan eta euri gehiago eta altuera handitan elur eran.
- Kostaldetan prezipitazioak ugariagoak dira. Kontinente barnealdean euri gutxiago egiten du kostaldetan baino, itsasoaren hezetasun sorburu baita.

EGURALDIA ETA KLIMA. ELEMENTUAK. APUNTEAK 3

4 EGURALDIA ETA KLIMAREN ELEMENTUAK:
4.1. TENPERATURA. Tenperatura atmosferako aireak izaten duen bero kantitatea da. Neurtzeko termometroa erabiltzen da eta gradu zentigradoetan (ºC) adierazten da. Beste leku batzuetan (EEBB) fahrenheit graduetan adierazten da.
Egun bateko tenperatura jakiteko batez besteko tenperatura kalkulatzen da. Horretarako egunean zehar egin duen tenperatura maximoa (altuena) eta tenperatura minimoa (baxuena) hartzen dira kontutan. Maxima + Minima : 2 = Batez bestekoa.
Berdin jokatzen da hileko edo urteko tenperaturak kalkulatzeko:
Hileko batez besteko tenperaturaren kasuan hil horretako egun guztietako batez besteko tenperaturak batuz eta emaitza hil horretako egun kopuruaz zatituz.
Urteko batez besteko tenperaturaren kasuan hil bakoitzeko batez besteko tenperaturak batuz eta kopuru hori urteko 12 hilez zatituz.

4.2. ZONA KLIMATIKOAK.
Bost dira zona klimatikoak tenperaturaren arabera.
Zona beroa tropikoen arteko eremuan, Bi zona hotz alde polarretan (Ipar eta Hego zirkulu polarrak) eta beste bi zona epel tropiko eta zirkulu polarren artean. Irudian dagoen bezalaxe.




4.3. TENPERATURA ALDATZEN DUTEN FAKTOREAK

- Latitudearekin tenperaturak aldatzen dira. Tenperaturak altuagoak dira ekuatorearen inguruan, eta gune hartatik (iparralderuntz eta hegoalderuntz) bi poloetarainoko tartean pixkanaka jaisten dira.
- Altitudearekin tenperaturak aldatzen dira. Tenperaturak altuagoak izan ohi dira altitude txikiko lekuetan, eta baxuagoak dira igotzen garen heinean. Hau da, gero eta altuago, gero eta hotz gehiago.
- Itsasoarekiko distantziarekin aldatzen dira. Itsasoak tenperaturak epeltzen ditu. Beraz, barnealdean kostaldean baino bero handiagoa egiten du udan; eta hotz handiagoa, neguan. Kostaldeko tenperaturak leunagoak dira (epelagoak) eta kontinente barneko tenperaturak muturrrekoagoak dira.

EGURALDIA ETA KLIMA. APUNTEAK 2.

3. EGURALDIA ETA KLIMA
Eguraldia eta klima ez dira nahasi behar.

- Eguraldia leku eta une zehatz batean dagoen atmosferaren egoera da. Egun batetik bestera alda daiteke edo momentu batetik bestera.
- Klima leku batean askotan izaten duen atmosferaren egoera da. Ez da hain erraz aldatzen, horretarako denbora asko (ehundaka edo milaka urte) behar da. Leku bateko klima zehazteko denbora luzean (hamarkadetan zehar) jasotzen dira eguneroko eguraldiaren datuak.

Datu metereologikoak jasotzeko estazio metereologikoetan biltzen dira datuak: tenperaturak, prezipitazioak, hezetasuna, haizeak eta presio atmosferikoa, esaterako.

2010/01/07

EGURALDIA ETA KLIMA. OSAGARRIZKO APUNTEAK



EGURALDIA ETA KLIMA

1. ATMOSFERA. Gure Lur planeta inguratzen duen gas-geruza da.
Osaketa: Nitrogeno (%78’08), Oxigeno (%20’94) eta beste gas batzuk (%1): Argona (0’093), Karbono dioxido (0’03), Ur lurruna, …
Atmosferak gure osasunerako kaltegarria den eguzki erradiazio txarra desbideratu edo filtratzen du ezkutu zaindari moduan.
Atmosferaren zabalera desberdina da ekuatorean (zabalagoa) eta poloetan (meheagoa). Dena den, Atmosferaren masa gehiena (%75a) lehenengo 11 kilometro altueratan dago, hau da, Troposferan bertan.

2. ATMOSFERAREN AZPIGERUZAK:

2.1. Troposfera. Eguraldia eta klima ikasteko hauxe da interesatzen zaigun geruza bertan gertatzen direlako fenomeno meteorologiko gehienak. Gainera, geruza honen gas trinkotasuna handia da eta Oxigeno asko dago (Gero eta altuago oxigeno gutxiago). Gugandik hurbilen geruza da. Hemen dago bizitza. Geruza honen altuera desberdina da. Poloetan 8 km ingurukoa da, Zona epeletan 9’7 km.koa eta Ekuatorean 16 km inguruko altuera du. Beraz, bataz besteko altuera 12 kilometrokoa da. Ur lurrunaren %99 geruza honetan dago. Hemen daude hodeiak. Bere tenperatura jaisten da altitudea handitzen den neurrian.

2.2. Estratosfera. Bataz besteko lodiera 30 km ingurukoa da, baina Ekuatorean 70 km ditu. Estratosfera barruan kokatzen da Ozonoko geruza, 25 km altueran gutxi gorabeherea. Geruzatxo honek galarazi egiten du kaltegarriak diren eguzki erradiazio ultramoreak. Beraz, filtro bat bezala funtzionatzen du. Estratosferan dagoen airea oso lehorra da eta ez dago ur hodeirik.

2.3. Mesosfera. Bere lodiera 40 km ingurukoa da. Airearen dentsitate txikia da geruza honetan eta tenperatura oso baxua.

2.4. Termosfera (Ionosfera). 80 km eta 400 km bitarteko altueran dago. Tenperatura handitzen da altitudearekin batera. 150 km.ko altueran 300º C inguru.

2.5. Exosfera. Kanpoko espazioa eta Lurreko atmosferaren arteko geruza da. 1.000 km. inguruko altueran kokatzen da eta 9.000 km.ko altuera joaten da bukatzen kanpoko espazioarekin nahastean.

URAREN ZIKLOA


Ikasi dugunez, Uraren Zikloa ondo ezagutzea nahitaezkoa da Eguraldia eta Klimak ulertzeko. Beraz, ondoan daukazue Uraren Zikloa azaltzen duen grafiko sinple bat. Ea baliagarria den kontzeptu hori ondo ulertzeko.