IKUSI ETA IKASI... EUSKARAZ!

GIZARTE ZIENTZIAK, GEOGRAFIA ETA HISTORIA.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

2020/06/09

ARTE ESTILO GOTIKOA

GOTIKOA. BERANT ERDI AROKO ARTE ESTILOA


Planta catedral gótica






1. ARKITEKTURA GOTIKOA.

1.1 HIRI ESTILO BERRIA

Arte Gotikoa Frantzian sortu zen XII. mendearen erdian, eta mendebaldeko Europa osoan zabaldu zen XIII. mendetik aurrera. Arte-adierazpen hori hiritarra izan zen funtsean, eta burgesiaren eta hirietara aldatutako eliza-boterearen bultzadaz sortu zen.

Hirien hazkundeak eraikin zibil berriak sortzeko beharra ekarri zuen berekin: udaletxeak, udal-gobernuentzat; jauregiak, noble eta burges aberatsentzat; lonjak, merkatarientzat; ontziak egiteko ontziolak; eta unibertsitateak, ikasle berriak hartzeko.

BRUJAS-KO LONJA


Hala eta guztiz ere, bestelako eraikinak baino gehiago, eraikin erlijiosoak: tenplu eta katedral handiak egin ziren Erdi Aroko hirietan, dela hirien botere ekonomikoa erakusteko, dela hiritarren jainkozaletasuna agerian uzteko.
Cisterko Ordenak ere bere egin zuen arte-estilo gotikoa, eta hartaz baliatu zen bere monasterioak eraikitzeko.

Catedral de Nuestra Señora de París (Notre Dame)
NOTRE DAME PARIS


Catedral de Chartres, fachada.
KOLONIA-KO KATEDRALA

1.2 ARKITEKTURA. TEKNIKA BERRIA

XII. mendean, eraikuntza-teknika berriak sortu ziren, eta haien bidez, eraikin altuagoak eta argitsuagoak egin ahal izan ziren. Elementu hauek eragin zuten aldaketa:

catedral_gtica_esquema

- Arku Zorrotza edo ojiba-arkua. Erdi puntuko arku erromanikoa baina arinagoa da.
- Gurutze-ganga. Gurutzatzen diren bi ojiba-arkuz eratuta dago; arkuek lau euste-puntu dituzte.

catedrañ gçptoca




Egitura horietan, zutabeek eusten zioten estalkiaren pisuari, bai eta ostiko-arku eta kontrahormen sistema batek ere. Azken horiek kanpoaldean jartzen ziren hormak indartzeko. Sistema horren bidez, hormek euskarri izateari utzi zioten, eta leiho handiak egiteko aukera sortu zen. Leihoak, horrela, oparo apaindu ziren, koloretako beirateak erabiliz.

Interior de Sainte Chapelle, Francia.

Pinakuluak eta geziak, berriz, kontrahormen eta dorreen goienean jartzen ziren, apaingarri gisa.
Tenpluen mendebaldeko fatxadan, portada (atelada) egoten zen eskultura ugariz apaindua. Askok, gainera, arrosa-leiho bat edukitzen zuten, bai eta gablete izeneko elementu trianguluar bat ere, haren gainean.

Detalle de arbotantes y contrafuertes. Catedral de York, Inglaterra.

1.3 ATELADA. PORTADA GOTIKOA



Portadek (edo ateladek) apaingarri asko izaten dituzte.
Irudiak, ate-zangoetan, maineletan eta arkiboltetan egoten dira. Tinpanoaren ordez, batzuetan, arrosa-lehio handi bat ageri da.


Puerta de la Virgen Notre Dame


2. ESKULTURA ETA PINTURA GOTIKOA

2.1 ESKULTURA

Eskultura gotikoak arkitekturaren mendeko izateari utzi zion pixkanaka. Dena den, XIII. mendean ere eskultura izan zen elementu apaingarri nagusia elizetako eta katedraletako fatxadetan, tinpanoetan, arkiboltetan eta maineletan.

XIV. mendean, eskultura mota berriak sortu ziren, arkitekturari lotuta ez zeudenak; esaterako, erretaulak eta hilobiak. Irudi exentuak ere ugaritu ziren, bai erlijio-gaiei buruzkoak, bai eta errege edo nobleek eginarazten zituzten.


Aldi honetako eskulturak errealismorako joera garbia erakusten zuen, eta, horretarako, baliabide hauek erabiltzen zituen:

  • Adierazkortasun handia eta xehetasun asko erabiltzen ziren aurpegietan.
  • Jantzien eta gorputzen bolumena erakutsi nahi zen.
  • Irudiei mugimendua eman nahi zitzaien, keinuen bidez.
  • Irudiek zentzu narratiboa zuten; izan ere, estatiko izateari utzi zioten, eta harremanetan jarri ziren eskulturak; adibidez, ama birgina eta bere semearen arteko erlazioa erakutsi nahi zen.


Harria, marmola eta harzuria izan ziren, besteak beste, materialik erabilienak. Erretaula gehienak, dena den, zur polikromatuz egin ziren.

BA AL ZENEKIEN?

Katedraletan, gargola izeneko eskultura txiki batzuekin apaindu ohi ziren teilatuko hustubideak.

Jatorrik mitologikoko alegiazko izakiak adierazten zituzten. Animalia edo gizaki formakoak izaten ziren, edota haien arteko nahasketa bat; nolanahi dela ere, itxura beldurgarria eta groteskoa izaten zuten beti.

GARGOLAK
2.2 PINTURA

Eliza gotiko berrien egiturak murriztu egin zuen arte erromanikak pinturari eskaintzen zion espazioa; izan ere, leihate handiek toki asko kendu zieten hormei. Horren ondorioz, utzi egin zioten horma-pinturak (freskoak) egiteari, eta zurezko ohol gaineko pintura (erretaulak) eta beirateetako pintura nagusitu ziren.

Detalles de los vitrales de la Catedral de Chartres, Francia.

Erretaulak elizetako aldareen atzean jartzen ziren, eta neurri eta konplexutasun handikoak izan zitezkeen. Egurrezko oinarrizko egitura batean urreztatu eta margotutako erliebeak eta beste figura batzuk eransten zituzten.


Sarritan, bi edo hiru ohol elkartzen ziren, diptiko edo triptiko bat osatzeko.
Gaiak erlijioari buruzkoak ziren funtsean; eta Kristoren, Andre Mariaren eta santuen bizitzei buruzkoak, bereziki. Errealismorako interes handia antzeman zitekeen estiloan, eta urre-koloreko hondoen ordez, arkitekturak eta paisaiak erabiltzen hasi ziren.
Horrez gain, irudiak egiteko, proportzio naturalak erabiltzen ziren, eta adierazkortasuna lortu nahi izaten zen keinuen eta aurpegien bidez.


BA AL ZENEKIEN?

XV. mendean, olio-pintura erabiltzen hasi ziren berriro Herbehereetan eta Flandesen, errealitatea xehetasun handiz adierazteko. Erlijio-gaiez gain, ugaritu ziren eguneroko bizitzako eszenak, erretratuak eta paisaiak.

Jan van Eyck, Rogier van der Weyden eta Jeronimo Bosch margolariak dira nabarmentzekoak.

Portret van Giovanni Arnolfini en zijn vrouw


ARTE GOTIKOA EUSKAL LURRALDEETAN

XII. mendetik aurrera, euskal lurraldeetako hiribilduen garapen ekonomikoari esker, Europako kultura eta arte joera gotikoak sartu ziren gure inguruan.

Araban, arte gotikoaren eraikin adierazgarrienetako bat da Gasteizko Santa Maria katedral zaharra; XIII. mendean hasi ziren eraikitzen.
Hasieran, jatorrizko eliza kolegiata bihurtu zen, eta, XIX. mendean, katedral bilakatu zen. Kanpoaldeank gotorleku baten itxura du, Erdi Aroan harresiari atxikia egon baitzen; bertan, aurrealde monumentala nabarmentzen da.

Visita a la Catedral de Vitoria

Bizkaian, Bilboko Donejakue katedrala da aipagarriena, XIV. mendearen amaieran eraikia. Katedralaren klaustroa nabarmentzen da; handik igarotzen ziren Donejakue Bidea egiten zuten erromesak.


Catedral de Santiago de Bilbao, Monumento Histórico-Artístico

Gizpuzkoan, Getariako Salbatore Deuna eliza da lurralde horretako arte gotikoaren eraikin adierazgarrienetako bat.


Arkitektura zibila eta militarra oso garrantzitsua izan zen euskal lurraldeetako arte gotikoan.
Dorre, gotorleku eta jauregi ugari daude; adibidez, Mendoza dorretxea, Otxanda dorrea eta Bendaña jauregia Araban; Muñatoizko San martin gaztelua Bizkaian, eta Zarauzko Luzea dorretxea eta Zestoako Lili jauregia Gipuzkoan.


Eskultura monumental garrantzitsuak daude elizetako aurrealdeetan; esaterako, Guardia Erregeen Andre Maria elizakoa. Aipagarria dira, halaber, hainbat  hilobi, ama birgina eta kristo gurutziltzatu.



Pintura Araban aurkituko dugu batez ere. Aipagarriak dira, adibidez, Gazeoko San Martin Torsekoaren elizan (Agurain) dauden horma-pinturak...


ETA GEHIAGO JAKITEKO EGIN KLIK...







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina